Denon gustukoa da masaje bat jasotzea edota lepo zein bizkarreko klak horiek sortzen diguten arintze sentsazio hori. Baina zientziak aurrera egiten duen heinean, partxis-taulako lauki berean geldirik mantentzen gara.
Ohiko eszena
Fisioterapeutoi ezaguna egingo zaizue eszena hau: lanegun osoan mugimendu errepikakorrak egiten ibili den langile horrek edo zortzi ordu ordenagailu aurrean egon behar izan denak lepo edo lunbarretako minarekin hasi eta zuen eskuetan amaitu du. Gehienetan, masaje baten bila etortzen dira, edo, bestela, “hezurrak birkokatzera” –aipatu beharra dago hezurrak beren lekuan ez badaude hobe dela urgentzietara jotzea fisioanera baino, baina hori beste kontu bat da–.
Egunerokotasunean gertatzen den egoera bat da, bai zentro pribatuetan, bai mutuetan, eta baita enpresetako klinika txikietan ere.
Azken hamarkadetan zientzian izan diren aurkikuntza guztiak ezagututa ere, gaur egun oraindik terapia pasibora jotzen dugu maiz, literaturan argi azaldu diren arren ariketa fisikoaren mesedeak, bai prebentzioaren ikuspuntutik, baita errehabilitazioarenetik ere.
Erosotasunaren tranpa
Terapia pasibo horiek hautatzearen arrazoietako bat erosotasuna da; hau da, pazientearen aldetik ez dago esfortzurik sendatzean, eta horrekin batera doa bigarren arrazoia: fisioak konpondu behar gaituen ustea. Pazientea fisioarengana doa, esku-ohean edo ohe eramangarrian etzaten da eta fisioterapeutak mina kentzen dio pazienteari, tailer mekaniko batean lez, min hori matxura batekin alderatzen badugu. Egia da terapia pasibo horiek epe motzera hobekuntza handiak eman ditzaketela, mina murriztuz, mugimendua hobetuz eta ongizate orokorra lortuz denbora jakin batez, baina efektu hori joatean hasierako min hori itzultzen da, arazo horren jatorriak berdin jarraitzen baitu; hots, indar falta, ehunen adaptazio falta kanpo kargekiko edota sedentarismoa.
Gaur egun, mundu-mailan laneko baja gehien eragiten dituen kausa min lunbarra da, eta, gehienetan, tratamendu pasiboetara bideratzen da. Kontuan hartzekoa da min lunbar guztien %85 min lunbar zehaztugabe bezala sailkatuta daudela; hau da, min horren arrazoia ez da zuzenean lotzen egitura anatomiko edo kausa patologikoekin, eta, sarritan, kronifikatuta egoten da. Minaren kronifikazioan eragin handia dauka bai estresak, bai atseden faltak eta baita pertsonaren sinesmen edo minarekiko dituzten usteak ere. Kasu horietan, modelo biopsikosozialak azaltzen duen bezala, minak ez du esan nahi egitura edo ehun bat kaltetuta dagoenik. Horrelako minen aurrean, terapia pasiboetara joz gero, tratamendua egitura horretan bakarrik zentratzen da, eta albo batera uzten da minean eragina duten bestelako kausak. Horregatik, aldizkari medikuek proposatzen dutenez, lehen tratamendu-lerro bezala terapia aktiboa ezarri beharko litzateke: ariketa fisikoa pazientearen hezkuntzarekin konbinatu. Era horretara, egitura horietan eragiteaz gain, ongizate orokorra lortzen da, eta gogo-aldartean eta pazientearen konfiantzan ere eragiten du.
Terapia aktiboak
Gainera, terapia aktiboekin lortzen den ezaugarri garrantzitsuenetako bat pazientearen autoefikazia da. Terapia pasiboak soilik baliatuz, kanpo lokusaren kontrola deritzon kontzeptu psikologiko bat sustatzen da, zeinetan pazientearen ustetan bere kontroletik at dagoen zerbaitek determinatzen duen, esaterako, bere osasuna. Hori aintzat hartuz, norbanako baten mina fisioterapeutak pazientea ukitzearen menpe gelditzen da, eta alde batera uzten da beren parte-hartze aktiboa errehabilitazioan zehar; sendatzearen arduradun nagusiak haiek direla ahazten dute, eta ez dira ohartzen gu beren bidelagun eta gidari garela. Hori garbi ikusten da hilean behin fisioterapeutarengana etortzen direnekin, “puntuan jartzera” edo “txapa eta pintura” bila. Aldiz, ariketa fisikoa tratamenduan zehar barneratuz, lortutako autoefikazia horrekin, pazienteak berak ariketa fisikoaren bidez mina arintzeko kontrola duela ikasten du, baita etorkizunean ager daitezkeen min batzuk prebenitzeko ere.
Baina egoera horretan guztian protagonista handia eta ariketa fisikoa baztertzearen arrazoi nagusietako bat kinesiofobia da: mugimenduarekiko edo ariketa fisikoarekiko beldurra edo fobia. Denok entzun dugu inoiz “min ematen badu, geldirik mantendu, min gehiagorik egin ez dezan” edo antzeko esaldiren bat, eta behin eta berriz entzun eta barneratzen joaten bagara, kinesiofobia azaltzea ez litzateke arraroa izango. Kinesiofobia hori izaten da baja luze eta errekuperazio denbora luzeen erruduna kasu askotan, eta terapia pasiboek, hobera baino gehiago, okerrera daramate beldur hori. Aurrez aipatu bezala, minaren aurrean sarritan ez da lesio estrukturalik egoten; bai, ordea, mina. Horren harira, garrantzitsua da pazienteak mugimendua arriskutsua ez dela ulertzea. Hori ez da une batetik bestera egiten, esposizio gradualaren terapia baliatzen da horretarako. Fobia hori pizten duten ekintzak zeregin txiki eta kontrolatuetan banatzen dira, ariketak min-atari arin batera arte eramanez eta intentsitatea gutxinaka igoz; horri esker, garunak mugimendua eta lesioarekiko beldurra bereizten ditu, eta mugimenduak ez duela lesiorik eragingo ulertu. Hala ere, lesio estruktural bat egongo balitz ere, mugimendua era berean sustatu beharko litzateke. Kasu horietan, izatez, bereziki garrantzitsua da pazienteek ulertzea mugimendua ezinbestekoa dela egitura osatu dadin. Hori mekanotransdukzioa deritzon prozesu biologikoari esker gertatzen da; hiru fasetan oinarritzen da, baina, xehetasunetan sartu gabe ideia orokor batekin ulertzeko, prozesu horretan zelulek estimulu mekanikoak, hala nola, mugimendua, presioa, luzaketak edota kargak, erantzun biokimiko bilakatzen dituzte, eta, horrela, ehunak egokitzea, indartzea eta birsortzea lortzen da. Hartara, ariketa fisikoa ehunak osatzeko aplikatzen da hainbat lesiotan, eta ezinbesteko teknika bilakatzen da sendatze-prozesu horretan.
Horrekin guztiarekin ez dut esan nahi terapia manualak ezertarako balio ez duenik, baina beste terapia aktiboren batekin konbinatu gabe inoiz ez da aukera bakarra izan behar pertsona bat tratatzeko orduan.
___________________________
Laia Arriola