JARDUERA FISIKOA OSASUN INTEGRALERAKO TRESNA

Jarduera fisikoaren orientazio zerbitzuek, orokorrean, oso ikuspegi zabala izan dezakete, eta herri bakoitzeko zerbitzuek izaera propioa hartzen dute. Orientatzaile bakoitzak ere, bere lan egiteko modu propioa dela eta, modu batera edo bestera bidera dezake bere herriko zerbitzua, baina zerbitzu denek badute zerbait komunean.

Betiere pertsonen osasun integrala zaintzea eta hobetzea dute helburu orientazio zerbitzuek, jarduera fisikoa eta mugimendua oinarritzat hartuta, nahiz eta batzuetan psikologo lanak egitea ere egokitzen zaigun orientatzaileoi.

Askotan ez gara kontziente, tresna edo metodologia berak, kasu honetan, jarduera fisiko eta mugimenduak, pertsona bakoitzarengan eragin edo onura ezberdinak eduki ditzakela, edota helburu ezberdinak lortzeko balio dezakela. Askotan, saio berak, ariketa berberekin, pertsona bati bere mugikortasuna errekuperatzen lagun diezaioke, eduki zuen ebakuntza baten ondorioz erabat galdu ondoren, beste bati, aldiz, hanketako indarra areagotzen, iktus baten ondorioz gurpildun aulkian geratu ostean, eta bide batez, bere autonomia berreskuratzen. Baita bakardade egoeran dagoen norbaiti, sozializatzen, izan ere, burutzen ditugun taldekako saioak beste pertsona batzuekin elkartzen den une bakarrak izan baitaitezke.

Hori dela eta, beste behin, jarduera fisikoaren garrantzia azpimarratu nahiko nuke, pertsonen osasun integralean dituen onurak direla eta, baita orientazio zerbitzuena ere, noski, jarduera fisikoa sustatzea delako gure helburu nagusienetako bat.

__________________________________________

Leire Juanbeltz Mitxelena