Pertsonak mugiaraziz, komunitatea ehunduz.

Bakardadea ehuntzen: gure jardueraren indarra konexio gune gisa

Athloneko kide garen heinean, gure eguneroko zereginak mugimenduari, osasunari eta bizi-kalitateari lotuta daude. Sarritan, teknika eta programen artean, gizartean isilean eta modu sakonean eragiten duen errealitate bat igarotzen zaigu aurretik: adinekoen bakardadea. Bakardadea ez da soilik pertsona bat fisikoki bakarrik egotea; askotan, harreman esanguratsuen faltari, gizartean “balio” bat izatearen sentsazioa galtzeari eta isolamendu emozionalari lotuta doa. Gure eskuetan, Athlonen dugun izaera aktiboari esker, errealitate horri buelta emateko tresna indartsuak ditugu, eta gure jarduera bera konexio gune bihurtzeko ardura dugu.

Osasuna, autonomia eta isolamenduaren arteko lotura

Adinekoen artean bakardadea kronifikatzen duten faktore nagusiak osasun fisikoaren okertzea eta autonomia galtzea dira. Pertsona batek mugitzeko zailtasunak dituenean edo bere kabuz moldatzeko gai ez denean, bere ohiko sozializazio guneetatik aldentzen hasten da: lagunekin elkartzea, erosketak egitea edo paseatzea zama ihurtzen dira. Horrek “bakartze gurpila” elikatzen du. Gure lana, beraz, ez da soilik ariketa fisikoa sustatzea; adinekoaren autonomia babestea da, hark munduarekin konektatuta jarraitzeko aukera izan dezan. Pertsona batek bere kabuz mugitzeko gaitasuna mantentzen badu, bere inguruarekin elkarrekintzan jarraitzeko atea zabalik mantentzen dugu, bakardade behartua saihestuz.

“Guretzat ariketa saio bat dena, erabiltzaile askorentzat eguneko (edo asteko) bakarra izan daiteke. Mugimendua sustatzeaz gain, talde-kohesioa lantzen badugu, adinekoek pertenentzia sentimendua berreskuratzen dute.”

Athlonen papera: gure jardueratik haratago

Guk bultzatzen ditugun saioak eta programak ez dira datu teknikoen bilduma hutsa. Erabiltzaile askorentzat, gurekin igarotzen duten ordua komunitatearekin duten lotura nagusia da. Horregatik, ezinbestekoa da gure begirada zabaltzea. Gure esku-hartze bakoitzean pertsonen arteko elkarrekintza sustatzea funtsezkoa da. Ariketa bat proposatzean, taldearen arteko laguntza eta komunikazioa bultzatzen baditugu, giharrak ez ezik, sare sozialak ere indartzen ari gara. Bakardadeak konpainia esanguratsua behar du, eta gure saioek espazio seguru bat eskaintzen dute pertsonak berriz ere talde baten parte senti daitezen, haien bizitza-historiari eta esperientziari lekua eginez.

Horrez gain, gure posizioak “antena” gisa jokatzea ahalbidetzen digu. Adinekoekin dugun hurbiltasunak aldaketa txikiak hautemateko gaitasuna ematen digu: norbait tristeago dagoela, saioetara etortzeari utzi diola edo bere buruaz hitz egitean etsipena nabari zaiola. Detekzio goiztiar hori da gure ekarpenik handienetako bat. Langile bakoitzak, bere lanpostutik, gai izan behar du giza-lotura horiek sustatzeko, erabiltzaileari entzuteko eta hark esateko duena balioan jartzeko, “ikusezin” sentitu ez daitezen.

Hausnarketa kolektiborako deia: Bakardadearen aurkako borroka ez da soilik gizarte-laguntzen erantzukizuna; erantzun komunitarioa eta kolektiboa eskatzen duen erronka da. Athlonen, gure izaera kooperatiboak eta gertutasunak abantaila bat ematen digu. Ez da aparteko ekintza handirik behar: saioetara joateari utzi dion horrengatik interesatzea, elkarrizketarako tarteak sortzea edo erabiltzaileek euren bizitzako esperientziak parteka ditzaten bultzatzea izan daitezke bideak. Izan gaitezen gu, gure profesionaltasunetik eta gure humanitatetik, bakardade hori hautsiko duten konexio esanguratsu horien bultzatzaile.

___________________________

Dorleta Sologaistoa