Prentsa

“NORBERAK  JAKIN  BEHAR  DU  GORPUTZAREN  MEZUEI  KASU  EGITEN”.  TU  LANKIDE

“NORBERAK JAKIN BEHAR DU GORPUTZAREN MEZUEI KASU EGITEN”. TU LANKIDE urtarrilak 12, 2016

Imagen3

 

Kepa Larrea ATHLON bizimodu osasungarrien sustapen zerbitzuko langilea da eta kirol prestakuntzan aditua. Kirolari askoren prestakuntza lantzen aritzen da urtean zehar eta, besteak beste, bere ardurapean egon diren zenbait kirolarik eta kirolzalek pasa den Behobia-Donostian parte hartu zuten. Donostiako proba herrikoi ezagunaren azken edizio honetan eguraldiaren eraginez bizi izan ziren muturreko egoerak lerrootara ekarrita, halako eta antzeko probatan parte hartzeko aurretik ezinbestekoak diren neurriez eta aurrelanaz aritu gara berarekin.

“ Marka hautsi gabe, denbora gehiago emateak egoan eragiten du, baina norberak jakin behar du gorputzaren mezuei kasu egiten”

Zure ikuspegitik aurtengo Behobia-Donostia proban gertatutakoa normala da? Eguraldi aldaketak hainbeste eragin dezake norberaren prestakuntzan? Bai, nire ustez parametro batzuen barruan gertatutako zerbait da. Bi arrazoi daude hau ulertzeko: batetik, partaidetza kopurua sekulakoa dela, milaka pertsonetaz ari gara; eta, bestetik, beroa, askok ez zuten parte hartu bero handia zegoelako iragarrita. Horrelako proba luzeetan beroak sekulako eragina izaten du eta gorputzari astindu handia ematen dio: deshidratazioa eragiten du, bero kolpeak eragin ditzake… Hala, gorputzak ematen dizkizun mezuak ez badituzu egoki interpretatzen eta hori ikusita zure helburuak ez baldin badituzu alde batera uzten, arazo larriak izan ditzakezu. Guztira 450 asistentzia izan ziren, iaz baino 100 gehiago, baina ikusitakoa ikusita ez zait gehiegi iruditzen, gehiago izan zitezkeen. Eta horrelako kopuruaren barruan prestaketa kaskarra eramaten dutenak ere badira.

Antolakuntzak megafoniatik behin eta berriro ohartarazi zituen parte-hartzaileak, eguraldi beroak baldintzatuta, ez zela marka hausteko egun aproposa.Halaxe da, bai. Baina zenbatek bete zuten megafoniatik antolakuntzak esaten ziena? Hor dago gakoa. Nik neuk parte hartu nuen, koinatarekin, eta hark erabaki zuen uztea gehiegi sufrituko zuenaren ustea zuelako. Horrelako kasuetan zuhurtziaz jokatu behar da.

Hornikuntza puntuetan ura falta izan zela ere publiko egin da…Antolakuntzak ohartarazi zuen bero handia egingo zuela baina aurreikusitakoa baino lau-bost gradu gehiago egin zituen. Egia da ur falta izan zela hornidura puntu batean, baina gainerakoan antolatzaileek sekulako lana egin zuten beste behin ere.

ATHLONen entrenamendu saioak bideratzen dituzue eta kirolari askoren lana monitorizatzen duzue. Nola ibili dira Behobia-Donostiako aurtengo edizioan horietatik parte hartu dutenak?Guk entrenatzen ditugun kirolarien artean denetarik egon zen. Batzuek erabaki egokiak hartu zituzten eta ez ziren saiatu aurretik zuten marka hausten, argi eta garbi ikusi zutelako ez zela beraien gorputzentzat horretarako egun aproposa. Eta, esaterako, ordu eta 20 minututik jaitsi nahi zuen beste batek ordu eta 25 minututan amaitu zuen. Marka hautsi beharrean, denbora gehiago emateak, norberaren egoan eragiten du, baina norberak onartu beharra dauka ez zela izan, inola ere, horretarako egunik aproposena. Gu autobusean 70 lagun joan ginen eta horietatik gehienek ondo amaitu zuten; aurpegi gorriekin bai, baina giltzarri diren amaitu eta ondorengo 40-50 minutuetan eman zioten buelta gorputzari. Edan, jan, masajea hartu… eta gorputzak berehala erantzuten daki.MONDRAGONetik ere parte-hartze handia izan da…Bai, hala da. Parte-hartze handia izan da: Coprecikoak, Laboral Kutxakoak… batzuk gurekin entrenatzen dutenak eta beste batzuk gertukoak, ATHLONeko kirol zerbitzua erabiltzen dutenak.

Kirol azterketa medikoa prebentiboa da eta osasunari begira zuzenduta dago; hortaz, azterketa medikoa egitea oso gomendagarria da.

Artikulua deskargatzeko