albistegia

Zerk eragiten du bizkarreko mina?

Antropologoek diotenez, Homo Sapiensarentzat bi hanka gainean ibiltzearen ordaina izan da bizkarreko mina. Eboluzioa poliki gertatzen ari bada ere, gizakiok abiadura bizian goaz aurrera; ondorioz, “bizimodu horizontala” atzean utzi ahal izateko bizkarrezurra aldatuz joan den arren, oraindik ere badira konpondu beharreko “arazotxo” batzuk bertikaltasunean minik gabe bizi ahal izateko. Ornoak banantzen dituzten diskoen endekapenaren ondorio dira bizkarreko arazo gehienak. Zahartzean deshidratazio kronikoa sortzen da eta diskook bolumena eta indargetze-gaitasuna galtzen dute (horregatik uzkurtzen gara zahartu ahala). Ondorioz, elkarren ondoan diren ornoen arteko marruskadura gertatzen da, eta horrek hezurren higadura eta bizkarreko mina sortzen ditu. Diskoan akatsa gertatu eta zati bat ornoen arteko tartera ateratzen denean hernia diskala sortzen da, eta horrek lotailuaren eta bizkarrezur-nerbioaren gainean presio egiten du, hantura eta mina eraginez. Bizkarreko mina eragiten duten 100 arrazoi baino gehiago antzeman badira ere, gehienetan lesionatutako muskulu eta lotailuen ondorio izaten da. Unibertsitate batean egindako eskala handiko ikerketaren arabera, bizkarreko minen % 83 muskulatura ahularen edo tenkatuaren ondorio dira.

Zure bizkarraren etsaiak

Arazoak pilatzea, higadura eta gutxi indartutako muskuluen haustura barne, gorputz-jarrera desegokia, obesitatea eta estresa bizkarreko arazoak izateko aukerak areagotzen dituzten faktoreak dira. Mugimendu txiki batek, supermerkatuko erosketak jasotzeko makurtzeak, adibidez, adinagatik eta ohitura txarrengatik are ahulago zeuden muskuluak kalte ditzake.

Zeintzuk dira ohitura txar horiek? Umm…, asko dira, egia esan: gorputz-jarrera okerra, koltxoi desegokia, altxatzeko era ezegokiak, diseinu txarreko aulkietan esertzea, oinetako egokirik ez erabiltzea, eta abar. Kontuz, lagun, zure bizkarra ahul badago edozein unetan gerta liteke lesioa.

OBESITATEA      ESTRESA      ARIKETARIK EZ EGITEA      JARRERA DESEGOKIA      ENDEKAPEN ARAZOAK

Horietako faktore bakoitza bizkarreko mina izateko urratsa da. Obesitatearen eta gorputz-jarrera desegokiaren ondorioz bizkarrak lerrokatuta egoteari uzten dio, muskuluak eta lotailuak bortxatzera behartuz. Estresa da, agian, gutxien kontrola dezakegun faktorea; muskuluen tentsioa eragin dezakeenez lesioak izateko arriskua areagotzen du eta muskulu-espasmoa sorraraz dezake (ez-borondatezkoak eta iraunkorrak diren muskulu-uzkurdurak). Egoneko bizimoduak arazo bikoitza eragiten du: muskulu ahulek ezin diote modu egokian eutsi bizkarrezurrari, eta denbora gehiegi eserita egoteak muskulu-tentsioa dakar. Era berean, arruntak dira bizkarreko mina eragiten duten patologiak, besteak beste, ornoen artrosia, ornoarteko diskoen alterazioak eragindako hernia diskala eta hezurrak kaltziogabetzen dituen osteoporosia.

 


Ze iritzi duzu?